Zeruertza

ZERUERTZA

 

 

"Testuen isiltasun nabarmenetan, hutsuneetan eta absentzietan,

senti daiteke modu positiboenean ideologiaren presentzia".

Terry Eagleton.

 

 

Semea hil dioten amak estu besarkatzen du bere potreta. Egongelan zuen zintzilik duela gutxirarte, eserita dagoen besaulkiaren atzeko horman. Altzoan du orain, argazkia estaltzen duen kristaletik malkoak irristatzen direlarik. Markoa gogor oratzeak semea ordezkatu ahal izango balu bezala.

 

Argazkiak hamar urte inguru izango ditu. Gazte agertzen da, neurturiko irribarrea ahoan kamerari so. Bisaiak gordetzen du aitaren antzik. Orrazkera, sudurra, begien adierazkortasuna. Bi begi marroixka; horien artean sartu zioten graziazko tiroa. Bi bala guztira, lehenengoa garondotik. Nahita ere nork tirokatuko zuen ez jakiteko moduan.

 

Amak ezin dio negarrari eutsi. Zutik dagoen senarraren bi esku lodiak sorbaldan paraturik ditu, mundu honekiko konexioa galdu ez dezan edo. Mahaitxo gainean dauden pilulek laguntza eskasa eskaintzen diote, amaren jarduna, zotinek eta senar estoikoaren animozko berba urriek soilik eteten dutena, ez baita oso koherentea. Gisara nekez har ditzaket oharrak eta gogaitzen hasia naiz, sofan postura erosoa topatu ezinik.

 

Hiru aste dira gaztea hil zutenetik. Horregatik ez nuen ulertu erredakzio buruak ni hona bidaltzen jarritako tema, gertaerari jada apenas atera dakiokenean zukurik. Edo morborik. "Idatzizu zerbait sakonagoa, beste ikuspuntu batetik baina gizatasunik galdu gabe; badakizu, lizentzia literario batzuk erabili, ez dadila kronika hutsa izan. Asteburuko gehigarrian agertzeko da", halaxe erran zidaten. Berandu gabiltza, beste behin ere, kazetaritzan bekatua dena. Aitzitik, ez dirudi zuzendaritzako inor asaldatzen denik.

 

Etxe honetatik igarotzen den enegarren kazetaria naiz baina ez naiz azkena izango. Familiak adeitsu jokatzen du, sartu bezain laster tea edo kafea edango dudan galdetu dit gizonak. Berdintsu egingo zuten ni baino lehenago agertutakoekin. Euren etxe eta bizitzako ateak irekitzea dolua gainditzeko terapiaren parte balira bezala.

 

Zer egiten zuen, nolakoa zen, zeintzuk ziren bere etorkizuneko planak; hortan omen datza albistea, hortik galderak. Ama kontakizunean galdu egiten da, denboran atzera eta aurrera eginez bukle eternal batean erortzeraino. Umetan auzokideak zelan laguntzen zituen du hizpide; zuhaitzetara fruitu bila igotako batean hartu zuen kolpea eta senarraren errieta; oporretan herrira egindako bidaiak, berriz burutuko ez dituenak. Jaiotzetiko onberatasuna azpimarratu gura didate pasadizo guztiek. Informazio hutsala, gainontzeko egunkariek jada aletu dutena. Berandu, beti berandu.

 

Negarrak behartutako etenaldi bat baliatzen du senarrak semearen logela izandakoa erakusteko. Ume batena dirudi, aspalditik ez baitzen bertan bizi. Liburu bakan batzuk daude apaletan, futbol talde baten banderatxoa paretan zintzilik. Hogeita hamarren bueltan hildako gaztea hamalau urte zitueneko garaira itzultzen dit aitak, amak arestian egin moduan. Ume eta nerabe hura duela hiru asterarte heldua zen gizona baino hobeto ezagutuko zuten.

 

Ezin dezaket halakorik idatzi ordea. Behin doluminak adierazita, protokolozko itaun eta denbora igarotzen utzi ostean, galdera sakonekin has naiteke egongelera itzuli bezain pronto. Erantzunek erakusten didate gurasoek ezer gutxi dakitela politikaz, erlijioaz, gudaz, gatazka hauetaz, are maila kultural arrunta dela berea, eskasegia aukeran. Zital sentitzen naiz nirekiko, aurreiritziek bultzatuta hurkoa epaitzeagatik. Beren intimitatea biluztera etorri den lapurra besterik ez naiz.

 

Arrunkeriak ihardesten dizkidaten bitartean oinazeari buruz hausnartzen dut. Samin honen jatorria politikoa izanagatik ezer gutxi aldatzen du horrek pairamenaren bizipenak. Errentagarritasun politikoa, aldarrien justizia eta minaren zilegia filosofoek izango dute hizpide, parlamentariek hausnarketagai, baina deus gutxi aldatuko da. Badaudelako arrazoi gordeak zeinei buruz ni bezalakook ezer ez dakigun. Eta zerbait dakigunean izkutuan iraunarazten dugu.

 

Mediku, epaile eta politikariek urtetan adierazi dituztenak datozkit burura. Etxebizitza xume honetan ere entzungo zituzten berbok, irrati eta telebistaz, beren semea baino lehen asko eta asko desagertu, torturatu, erail dituzten heinean. Belaunaldi hainbatek bortxa besterik ez baitugu ezagutu. Odolaren mintzoa.

 

"Langilea eta zintzoa", halakoxea omen. "Ez zuen merezi". "Zergatik? Zergatik bera?". Eta atzera negarra, senar isilaren eskua emaztearena itxiz oskolen modura.

 

Galderak, are galdetzeko gogoak, agortzen ari zaizkidanean atetik agertu da arreba, gaztea bera ere; neba bezala, ni bezala. Libre zegoen besaulkian eseri da. Nahi duena esateko aukera errefusatu du, mesfidati. Alde egiteko unea dela ebatzita, azkenengo galdera bota diet, etorkizunaz. Negar zotinka darrai amak, bertan denbora larregi egon naizen seinale. Aitak justizia nahi du. Halakorik berriz ez jazotzea, beren oinaze hau azkena izan dadila. Arreba begiratu dut hurrena. Hitz bakarra, mendekua, murmurikatu du. Odol gehiago.

 

Ezkaratzean doluminak, hitz goxoak eta agurrak errepikatu dira. Amak ene gorputz zurruna besarkatu du, atzera negarrari lotu. Erredakziora bidean justizia eta mendekua izan ditut buruan. Non datzan muga, bien arteko distantzia. Zenbat duen batak bestetik. Etorkizuna zer izango den. Zergatik ilunabarrak gorriz margotzen duen zeruertza. Zeintzuk izango diren lanera itzultzean erabili ezin izango ditudan berbak.

 

 

#Zendaipuinak